XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta jarrera honek ondorio iraunkor eta azkarrak ditu.

Frantzian, gaur egun ere, zentralismoa eta frantses hizkuntzaren leku aparta, gauza natural bezala jotzen dira, Iraultzak ekarritako libertatearen parte erauztezinak balira bezala; progresista orok onartu behar dituen baloreak dira, eta lekuan lekuko hizkuntzen eta nortasun politikoen aldeko deiak jarrera paseistak, erreakzionarioak, errepublikaren kontrakoak omen dira.

Eskema hain sinple hau oso sartua dago herriaren baitan, eta guztiz nabaria Estatuaren funtzionari eta zuzendariengan, batez ere politikari eta irakasleen jarreretan.

Eskola-liburuen ikerketa batek, adibidez, ederki erakusten ditu mitoaren bizitza eta sarkortasun soziala.

Baina, tamalez, mito progresistaren destinoa aski petrala da.

Ideologia progresista batek bultzatu du, baina estatu zentralistaren interesek baliatu dute; mito askatzailea, dagoen sistemaren justifikazio bihurtu da.

Are gehiago, eta gero ikusiko dugunez, nazio-eraikitze guztiz frantses eta zentralistari ematen dion leku apartaz, eskuin muturreko nazionalismo txobinistaren tema batzuekin lotzen da.

Funtsean, nazio eta etnia ezfrantsesen zapalkuntza justifikatzeko, zingira berean ibili dira talastan ezkerra, estatua eta eskuin muturra.

Ikerle askok agerterazi duenez, nazionalismoa ez da inoiz inozentea eta potentzia handi baten nazionalismoa ferekatzeak zapalkuntzaren ondorioak ekarri behar ditu.

Mito honetaz, ba, baliatu egin da Estatua; funtzionalki, erabilpen honen historia eta kritika, egin beharra dago.

Honek, halere, ez du mitoa egia historikoa denik esan nahi.

Egia historikoari dagokionez, zentralismoa Iraultzan dago presente, baina bien artean dagoen lotura ez da hain sinplea.

Zentralismoa Frantziako monarkiak hasi eta hedatu zuen; Iraultzan, berriz, herri-iniziatiba asko deszentralizazio eta federalismoaren aldekoa zen; finean, gaur egun arte iraun duen zentralizazio orokorraren sistema, Iraultza ehortzi zuen Napoleon enperadorearen obra da.

Horregatik, irudiak matizatu eta haztatu behar dira, eman zizkiguten sinplifikazioak argitu.

Hala nola jakobindarren eta girondarren arteko gatazka.

Historiografia batek kontrajarri zituen taulak sobera linealak dira: Girondarrak federalistak eta burgesak ziren;(...).